Description
Ematen du egun batetik bestera ez dela ezer aldatzen, gauzak bere horretan jarraitzen dutela dirudi, eta horrela iraungo dutela, luzaroan. Baina begirada altxatu eta atzera begira, orduan egunen joana bizkorra da oso, eta orduan bai ikusten direla aldaketak, nola egin duen mudantza munduak, eta gure bizitzak.
Semeari elkarrizketa bat eskatu diote eskolan. “Nolakoa zen bizitza 80ko hamarkadan”, horixe zen gaia, eta ni izan nau hizpide. Pozik jarri naiz bere alboan, galderak erantzuteko prest.
“Nolakoa zen orduan zuen bizitza?. Bada, beharbada alderik handiena dela garai hartan ez zegoela ez ordenagailu pertsonalik ezta mugikorrik ere ez. “Eta nola jolasten zenuten?” Kalean, erantzun diot, edo mendian, eskuekin guk geuk egindako arku eta geziz. “Ez al zenituzten erosten?”. Ez zegoen beharrik, guk bagenekien egiten, makila batzuekin eta soka zahar bat, besterik ez zen behar. “Benetan?”, egin du barre, “ez gara ari erromatarrez, 80ko hamarkadaz baino”. “Eta asteburuak nolakoak ziren?” Zinera joaten ginen, herriko ume guztiak egoten ginen aretoan batera, eta berdin zitzaigun ze filma botatzen zuten.
Itaunak erantzun eta orduantxe ohartu naiz gauzak benetan asko aldatu direla. Niretzat gure haurtzaroa baino ez zen, baina semearentzat beste mundu bat.
Ostean galdetu dit zenbat lagun bizi ginen etxean. Eta zenbatzen hasi naiz: gurasoak, izeba, amaren ahizpa, osaba, aitaren anaia, eta gu lau senide, zortzi guztira. “Zortzi? Asko ez?”. Tira, Aita eta osaba arrantzaleak zirenez egun gehienetan kanpoan zeuden. “Eta nola egiten zenuen lo?”. Bada, etxeak hiru gela zituen. Gurasoak gela batean, izeba eta arreba bestean, hiru anaiok hirugarrenean. “Eta osabak?”. Osabak, salan.
Eta pentsakor geratu naiz, goibel, itsasoatik etorri eta sofan lo geratzen zen langile haren bizimoduarekin gogoratzen.
“Aita, zergatik geratu zara isilik?”
Ez da ezer, seme.
Paul Auster idazleari omenaldia egin zioten Villa Albertine liburu-denda txairoan. Siri Husvedt haren alargunak hitz egin zuen aurrena, bikain. Ondotik, itzultzaileek, editoreek, irakurleek hartu zuten hitza. Azkena, Philipe Petit funanbulista izan zen.
Titiriteroak kontatu zuen gaztetan ezagutu...
Published 11/25/24
Osaba Santik itsasoari begiratzen zion izaki bizidun bati bezala. Itsasoan ez zegoenean balkoian egoten zen, hari begira, eta ikusten zuen nola aldatzen zen aldartez, ekaitza bazekarren edo bare bazen.
Itsasoa zen osabaren tokia. Hantxe zen guztiz bera. Lehorrean konbentzioak eta norma sozialak...
Published 11/18/24